XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraintsu arte ez ziren asko konturatu hortaz, lehengo elur zaharra aski gogortua bait zegoen haien zamagatik kraskatu eta lorrazteko, baina elur maluta berriak mardulak izaki eta guriak, lurrean pausatu ahala bata bestearen gainean, bata bestearen alboan inork nahi baino aguroago mamitzen ziren.

Eta holakoetan agitu ohi denez, orduan ere elurra hiru gizonon salatari.

Oraintxe beratuko dituk gure espartinak.

Erretiratu baino lehen gure hankarrastoak urratu beharko dizkiagu.

Ez zeuden gau hartako patrifilioak bukaturik...!

Nolanahi ere, iritsi ziren Errekortera.

Eiako atea bultzatu eta etxekoei kasorik egin gabe joan ziren mendiotik ganbararaino.

Hango bazter batean puxkak utzi belarridorpean eta, berriketarik gabe, aurki ziren hirurak sukaldean.

Gabon, ama.

Elkarri diosal egin eta mahaian jarri ziren.

Ordurako kafe izeneko arto errea lurruna dariola zuten Enkarnak jarria.

Pattarra ere ez zen falta barrenak pizteko, heuren artean komentatu ohi zuten bezala.

- Oinetakorik ez al duk, bada, aldatu behar, Frantzisko? Jar itzak espartzin horiek su ondoan, baditek premia ederra eta.

- Ez, ama; berriz ere irten beharrean gaude derrigorrez.

Elurretan oinatzak nabariegiak utzi ditugu hor goian, eta baliteke hurrena atertzea ere, (...).